LAB SINDIKATUA

Parekidetasun garaian bizi garela esatea gezur hutsa da

Data | Martxoa 6, 2012 | Egilea | Ainhoa Etxaide | Ez dago iruzkinik

Langile familia batean jaio eta hazi naiz; aita beti lanean etxetik kanpo eta ama beti lanean etxean. Gurasoak beti ahaleginetan, baina ezin iritsi denok guztia dugula eskura esaten digun sistema honetan. Bi aukera nituen, orduan: gurasoek ahalegin gutxi egiten zituztela pentsatzea, edo sistema hau kaka hutsa dela pentsatzea. Bigarrenaren alde egin nuen, noski. Pixkanaka inguruko guztia betaurreko kritikoekin begiratzen hasten zara, eta emakumea bazara, goiz ala berandu betaurreko bereziak jartzera iristen zara; geroz eta moreagoak, bizitzan aurrera egin ahala.

Txikitan amari zeozer eskatu eta itxaroteko esan zidan, aitak kobratzean erosiko genuela. Eta zuk noiz kobratzen duzun galdetuta, «nik ez dut lanik egiten» erantzun zidan. Nire ama ez zen gelditzen, eta lagunei galdetuta, eurenak ere ez. Amari galdetuta, lan horrek ez omen zuen balio. Txikia nintzen, ez nion garrantzirik eman. Baina hor geratu zen, oraindik gogoratzen dudalako.

Mundua morez ikustea ibilbide baten emaitza izan da nire kasuan. Eta batez ere sindikatuan ikasi dut, betaurreko oso moreak zituzten eta gaur oraindik dituzten emakumeen ondoan. Politikoki zuzena zena alde batera utzi eta apurtzailea denari balio politiko osoa ematen jakin duten emakumeekin. Agian horrek asetzen eta erakartzen ninduen batez ere. Politikoki zuzena dena aspergarria da berez, eta gainera ez du gauzak aldatzeko balio, politika nola dagoen ikusita.

Arrazoi gehiegi daude esateko gezur hutsa dela parekidetasunaren garaian bizi garela. Datuak ez dira aldatzen. Beti daude diskriminazioa bere horretan mantentzen dela adierazten duten datuak, soldatetan alde nabarmena dagoelako, kontratazioa prekarioagoa delako, edota langabezia beti delako handiagoa. Eta arazoak erreproduzitu egiten dira emakumearen bizitzan, modu ezberdinetan izan arren. Gaztetan seme-alabak zaintzen dituzu, ondoren gurasoak eta orain bilobak.

Gauza asko gutxiegi aldatu dira

Bateragarritasuna posible da bakarrik erabaki kolektiboak hartzen direnean eta bitartekoak jartzen direnean. Bestela ezinezkoa da; irtenbide bakarra da emakumeak ahalegin bikoitza egin behar dugula eta kostu handiak bereganatu behar ditugula.

Emakumeok ez omen dugu ardura posturik hartu nahi; horixe leporatzen digute. Nork bereganatu ditzake kostu hauek, eta, batez ere, zergatik? Arazoa emakumeak garela pentsatzen duen jende gehiegi dago oraindik.

Bizitza publikoan parte hartzeko arazoek ere hor jarraitzen dute. Hori da parekidetasunaren garaia: emakume apur batzuk egoera batzuetara iritsi direnez, egoera horiek emakume guztien eskura daudela esatea, gezur hutsa izan arren. Alemania emakume batek gobernatzen duelako emakumeak gobernuburuak izan gaitezke. Gizonak bezalaxe. Hori omen da berdintasuna.

Eta gauza asko gutxiegi aldatu dira gauzak aldatzeko helburua duten antolakundeetan ere. Oraindik buruan dut (eta hau egia da) azken kongresuan nazioarteko gonbidatu bati idazkari nagusi berria nintzela esan ziotenean Rafaren emaztea edo alaba nintzen galdetu zidala. Antza denez, ez zitzaion beste arrazoirik bururatu emakume bat idazkari nagusi jartzeko. Eta antzekoak askotan, nazioartera jo gabe.

Euskal Herrian egiten dugun borroka askoz ere aberatsagoa eta indartsuago litzateke betaurreko moreak jarrita bultzatuko bagenu. Demokraziaren alde borroka egitea herriaren erdia garen emakumeen egoerari begiratu gabe hankamotza da; modu horretan ez dugu lortuko egiazko eredu demokratiko bat ezartzea.

Eta ez dugu lortuko emakume asko eta askoren ekarpenaz, indarraz eta balioaz baliatzea hain zaila den helburuaren mesedetan.

Gaur8-n argitaratua

Iruzkinak

Erantzun bat utzi